Close

Not a member yet? Register now and get started.

lock and key

Sign in to your account.

Account Login

Forgot your password?

Mendebaldeko Sahara

Mendebaldeko Sahara (edo Espainiar Sahara) NBEren arabera, Namibia eta Eritrearen askapenaren ondoren, Afrikan deskolonizatzeko geratzen den azken lurraldea da. Kanariar uharte pareko kostaldean, Maroko eta Mauritaniaren mugen artean kokatzen da 266.000 km ko lurralde honek basamortuko abeltzaintza nomada tradizionalaz gain, baliabide ekonomiko ugari gordetzen ditu: Afrika iparraldeko arrantza bankurik aberatsena, fosfato eta beste mineral ugari eta, azken zundaketen arabera, petrolio erretserbak ere. Hala ere, aberastasun hura ez dago aspalditik bere jabearen, Saharar Herriaren, esku.

Espainiak XIX mendeko azken urteetan indarrez okupatu zuen eta, ehun urteko kolonizazioaren ondoren, 1976an, Mauritania eta Marokoren eskuetan utzi zuen lurraldea, aurretik sinatutako Madrilgo Hitzarmenen bidez. Hitzarmen horiek bai nazioarteko, bai Estatu mailako legeria urratu arren gaur egungo gatazka egoeraren oinarria dira. Bai Maroko eta bai Espainiako gobernuak hitzarmen horietan finkatzen dituzte bere oraingo jarrera. Mauritaniak, bere aldetik, gerra galdu ondoren, lurraldea utzi zuen  eta ez du inolako erreklamaziorik Sahararen gainean.

Gaur egun Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharako lurraldean 275.000 pertsona inguru bizi dira. Gehienak kostaldean dauden hiri nagusietan: El Aaiun (hiriburua), Dajla, Bojador eta Smara hiri historiko sainduan. Gehienak, bi heren edo, hala ere, ez dira sahararrak, marokoar kolonoak, militarrak (120.000) edo poliziak baizik. Sahararrek ikara eta garbiketa etnikoko agintepean bizi dira non sahararren baliabide naturalen ustiaketa basatiaren emaitzak marokoar eta nazioarteko zenbait eskutan geratzen baitira.

Marokok kontrolatzen ez duen aldea herria iparraldetik hegoalderaino zatitzen duen harresi militarraren ekialdera dago. Hor nomada bakan batzuk edo Frente Polisarioko armadako (ELPS) tropak besterik ez dago; ez bada Marokok ereindako pertsonen kontrako mailakako minak  izan ezik. Beste 200.000 saharar bizi dira erbestean, gehienak POLISARIO fronteak kudeatzen dituen Aljeriako Tinduf inguruko errefuxiatu eremuetan.

Aipatu harresia, 1973an sortu zen Saguia el Hamra eta Riio de Oroko Askapenerako Herri Fronteak (Frente POLISARIO), lehen Espainiaren kontra eta gero Muritania eta Marokoren kontrako askapen gerraren arrastorik nabarmenena da. Marokok eraiki zuen 1981-86 artean, AEB, Israel eta Saudi Arabiaren laguntzaz ELPSren erasoak geratzeko. 2500 km baino gehiagoko luzera dauka eta bere inguruan 7.000.000 mina dagoela uste da. Harresiaren ekialdera, Lurralde askatuetan eta errefuxiatu guneetan Espainiak lurra utzi zuen egun berean POLISARIOk aldarrikatu zuen Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) mantentzen du. Errepublika estatu gisa munduko beste 80 estatuk ezagutzen dute eta bere administraziopean bizi den jendeak, egoera ekonomiko larrian bada ere, askatasun eta babes sozial handia dauka.

Gerra bukatu ez bada ere, 1990etik NBEK aitortzen dituen bi parteek (Maroko erresuma eta POLISARIO Fronteak) behin-behineko su etena mantendu dute, Espainiak egiteke utzi zuen erreferenduma gauzatu ahal izateko. (Mendebaldeko Saharako Erreferenduma egiteko Nazio Batuen Misioa (MINURSO) lurraldeko bi aldeetan hedatua bada eta lan urte askoren ondoren errolda argi bat finkatuta badago ere, erreferenduma, ez da egundaino egin, Marokoren egoskorkeriagatik.

Hau guztia gertatzen da Nazioarteko komunitatearen utzikeria eta Espainia eta Frantziako bezalako gobernuek Marokoari ematen dioten baldintza gabeko laguntzarengatik. Bitartean errefuxiatu eremuetan ume eta nagusiek bizi baldintza eskasak pairatzen duten heinean, Marokok okupatutako lurraldeetan sahararrek eguneroko hilketak, desagerketak, torturak eta era guztietako diskriminazio eta giza eskubideen bortxaketak jasan behar dituzte. Noiz arte?